Arantzabidea2013

Get the flash player here: http://www.adobe.com/flashplayer

2012-07-23

ARANTZA BIDEA -URDUÑA-

Arantza Aginako Urduñar ezkertiar, abertzale eta euskaltzalearen omenezko bidea; munduko herrien askatasun eta parekidetasunaren aldeko internazionalista konprometitua. 


Urtero, Abuztuaren 7aren inguruan (auto istripuz hil zeneko data) omenezko martxa bat burutzen da. Hau, Rubenen (Arando) balkoian bukatzen da, han bota baitziren Arrano Beltzaren babespean bere errautsak. 

Bidea Paul auzoko iturrian hasten da (bertan kotxea utziko dugu), Delika eta Tertanga artean. Lehendabizi, ibilbidea nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen den bidexka batetik egingo dugu lehenengo bihurgunera arte. Bertan Arantza Bidearen hasieran aurkitzen garela adierazten digun plaka daraman harria topatuko dugu. Hortik aurrera, pagadi bat zeharkatuko dugu, beti ere, ezkerraldean utziz gehienetan urik gabe egoten den erreka txiki bat. Jarraitu beharreko norabidea Hego/Hego-mendebalde izango da bi harri handi topatu arte. Hauek pasata amildegi malkartsu batetik jarraituko dugu, lehen aipatutako herrietako larreetara zuzentzen den bidea aurkitu arte. Jarraian zigzag egingo dugu, mugarriak jarraitzen saiatuz, zelai malkartsuetatik, kareharrizko plakara iritsi arte. Honetan Tasio Erkiziak bere hileta omenaldian eskainitako olerkia irakur daiteke. Plaka honek bat egiten du bertan dagoen harrizko horma txiki batekin.
Inguru honetatik eta eguraldi onarekin bista ederrez goza daiteke; Urduña gure oinetan izango dugu eta Gorbea eta Untzaga herria aurrez aurre.
Ibilbidea Hego-mendebalde norabidea hartuz jarraituko dugu. Garrantzitsua da Urduñako mendateko azken bihurgunera galerarik gabe eramango gaituen bidexkaren hasiera markatzen duten harriak topatzea. 

Bihurgune honetatik eta errepidea zapaldu gabe Hego-ekialde norabidean jarraituko dugu PR-BU-46ra iritsi arte. Honek, Ekialderantz mendizerraren ebakidurari paraleloan, Rubenen (Arando) balkoiraino eramango gaitu, zeinetatik, Euskal Herriko bista pribilegiatuenetako batez goza daiteke.


                                                                              Joaneko estimatutako iraupena: 1 ordu 30 minutu
                                                                              Desnibela: 530 m.
                                                                              Zailtasuna: erraza.
Ibilbidea deskargatu